XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskualdeen arabera kokatzeko, irizpide eta erreferentzia puntutzat Espainiako elkarte autonomoak eta Frantziako eskualde administratiboak erabiltzea egokia izan daiteke; baina ez horiek bakarrik, batez ere Frantzian: Biarno, Okzitania...

Espainiako Katalunia, Valentzia, Balearrak eta Frantziako Roselloren artean, Herri Katalanak osatzen dituzte (katalanez, Paampiuml;ssos Catalans).

Eskualde hauetako tokiak kokatzeko, erreferentzia hori erabiltzea egokia izan daiteke.

Andorra, estatu independentea, Herri Katalanen parte da era berean.

201. Herri Katalanetako toponimoak, ahal izanez gero, katalanez ematen dira.

Galiziakoak ere bai.

Frantziako beste nazio minorizatuen kasua konplikatuagoa da.

Oso zaila da jatorrizko izena zein den jakitea; izen horiek ez dira ezagunak, ez dute ofizialtasunik, eta eskualde horietan ere kasik ez dituzte erabiltzen.

Frantsesezko erak erabiltzea ezinbestekoa izango zaigu sarritan.

Dena dela, baldin badakizkigu, ez legoke txarto irakurleari gogoratzea han badela beste herri bat, beste hizkuntza bat, jatorrizko beste izen bat.

Okzitania eta Alsaziako kasuetan alferrikakoa dateke izenak jatorrizko hizkuntzetan ematea.

Baina Korsika eta Bretainiako kasuetan, jatorrizko forma ematea gomendatzen dugu, parentesi artean frantsesezkoa jarrita.

Espainia eta Frantziatik kanpo, oro har, ofizialtasunik eta estaturik gabeko hizkuntzetako izenak askotan hizkuntza nagusietan heltzen dira.

Sobiet Batasuna zeneko lurraldeetan ere, izen errusiarrek jatorrizko erak estali egiten dituzte sarri: Alma Ata, Kazakhstango hiriburua, Almati da kazakheraz.

Arreta berezia eskatzen da kolonia eta kolonia ohien izenekin: Leopoldville belgikarrek ezarritako izena da, Londonderry ingelesek ezarritakoa...

Ikus liburu honetako nazioarteko izendegia.

Laburtzapenak

202. Inizial, sigla, laburdura eta akronimoek trataera berezia eskatzen dute.

Bereizten jakin dezagun lehenbizi.

a) Inizialak: pertsona baten izen-abizenen lehen letrak.

Letra larri bakoitzaren ondoren puntua jartzen da, espaziorik gabe letra eta puntuen artean.

Inizial bat baino gehiago elkarren segidan daudenean ere, tarteko espaziorik gabe idatziko da.

Iniziala izen osoaren aurretik doanean, espazio banaezina edo lauki laurdena ipini beharko da tartean.

Kontuz: frantsesezko idatzietan M. Juppe ageri bada, ez da Michel edo Martin, monsieur-en laburdura da hori.

L.R. Luis Roldan

b) Siglak: hitz bat baino gehiagoko izen baten laburdura, hitzon lehen letraz osatua.

Letra larriz ematen dira, punturik gabe.